euskaliritarra

Euskaliritar sentitzen naizen Josi Sierraren webloga da hau. Nire aide, bide-lagun eta bizikideekin zorion eta penak, ideiak, proposamenak eta ekintzak konpartitzeko sortua. On egin digula denori!

Tuesday, January 18, 2011

Biziz ikasi

Baketik bake zentroak, urtarrilaren 22an Baketik-ek biktimekiko elkartasuna lantzeko modulu didaktikoa aurkezten du Donostian.
Bizizikasi pedagogiaren barruan eta Izan proposamenaren ildoan kokatzen da. Modulu didaktiko hau bi ataletan egituratua dago: esparru teorikoa eta iradokizun praktikoak eta zehatzak.

Labels: , ,

Monday, January 10, 2011

Egun positiboa gaurkoa ikuspegi orokorrean

Gaurko egunez ETAren ekintzen bukaerako agiria entzun dut irratian. Berri pozgarri bat iruditu zait, baina badakizue, inoiz ez dela euririk izaten denon gusturako.
TESTUA bere KONTEXTUAn
Ez litzaiguke gaizki etorriko gogoratzea, munduko beste toki askotan oraindik gerra eta bortizketria dagoela. Eta bakeak esanahi global bat izan behar duela.
Ea Jody Williams-en bideo honek laguntzen digun dimentsio eta ikuspegi errealagoa ematen.

Labels: ,

Wednesday, July 29, 2009

50 urte bete ditut nik ere

Aurten 50 urte bete ditut nik ere. Ez da suziriak botatzeko moduko berria, baina gustura sentitzen naiz: bizitzaren erdina aurkituko banintz, gaitz erdi! Nire lagunak ere, eskolako kideak eta kuadrilakoak, pixkanaka pixkanaka, betetzen joan dira-ta...

ZAMA BAT DARAMAT BIHOTZEAN...
Galdakaon bizitzeagatik, beste gauza batzuen artean, "La Dinamita" (Explosivos Rio Tinto lantegia, ERT) bertan egotea jasan behar izan dut, bakezalea izan arren. Kasualitatez, nire familiaren bizimodua, neurri batean, horretatik dependitu zuen sasoi batean; eta Galdakaoko ekonomia ere, nola edo hala.
Lantegi honek, tamalez, historia luzea dauka, heriotzarekin eta gerrarekin lotuta.

SAMINA SORTZEKO MAKINA...
Baina 50 urte hauetan, nire bizitzan izan dudan arantzarik handiena, "si vis pacem, para belum" praktikatzen zutenen karga izan da... Euskadi Ta Askatasuna delakoa hain zuzen ere.
Frankismo garaian jaio ginen, ni eta erakunde armatua ere, baina ekintza oso ezberdinak egin ditugu izaki biok (nik nireak aipatuko ditut bakarrik):
  • Bakearen alde eta militarismoaren kontra lerratu nintzen aspaldi baten, beste gauza batzuen artean, soldaduskara ez joateko, objetorea deklaratuz, kontzientzi arrazoiengatik, militarrekin ez kolaboratzeko, sistema militarizatu mundiala ez areagotzeko...
  • Irakaskuntzan arituz, hiritarren heziketa aberastu nahian, bakea hezkuntza eta giza eskubideak bultzatuz, pertsonak ahalik eta garapen hobea izan dezaten, autoestimua eta komunikazioa garatuz...
Egia da pertsonak gure bizitza bideratzeko erabakiak hartu beharrean aurkitzen garela: gure ahalmena gauzarik onenak eta txarrenak egiteko modua ematen digu. Horrela azaltzen du Mireia Urangak ere bideo labur honetan.
Erabat ados nator berarekin! Hezkuntza esparrutik gauza asko egin daitezke bakearen, egiaren eta berradiskidetzearen alde. Zer uste duzu zuk?

OHARRA: Donotsaveme blogarekin bat nator: Ez dut/dugu behar salbatzailerik!

Labels: , , , , ,

Monday, January 19, 2009

Gure nagusien elkarrizketak Udaberri Galduan

Oroimen Historikoa berrekuratzeko Udaberri Galduan ekimen interesgarri bati ekin diote: pertsona nagusien elkarrizketak grabatzeari.
FaceBooken talde bat sortzeaz gain, zenbait nagusiren dokumentazioa biltzen ari dira, institutuko gazteei aitona-amonen historiak kontatzeko, material didaktiko batean.
Ideia bikaina, txalotzeko modukoa!
Laguntza emateko moduan bazaude, jende nagusia kontaktatuz, jarri udaberrigaldua(abildua)gmail.com helbidean kontaktuan!

Labels: ,

Wednesday, December 03, 2008

Pertsona bat hil dute

Gaur eguerdian, bazkaltzera nindoala, aperitibo mingotsa jarri digu telebistak: Ignacio Uria tiroz hil dutela Azpeitian.
Nire tripak astindu ditu berriak: enpresarioa, trena eraikitzen ari zen enpresakoa, ETAk abisua eman zuela, lagunekin bazkaltzera zihoala... Seguru nago alde asko zituela Ignaciok. Baina nik bat azpimarratu nahi dut, oinarrizkoena:
pertsona bat hil egin dutela: aita, senarra, laguna, osaba, pertsonak betetzen ditugun paperak. Eta bere familiak, eta lagunek sentituko dute. Ez dut arrazoirik ikusten pertsona hau garbitzeko, erditik kentzeko. Zergatik?
ELKARTASUNA
Bere ingurukoekin nire elkartasuna adierazi nahi dut; eta bat egiten dut lokarriren adierazpenarekin.
Gehiago jakiteko ikusi bilaketa hau Googlen

Labels: ,

Monday, December 01, 2008

Mikel Laboa hil da

Abendua hastearekin batera, Mikel Laboa joan egin da.
Bere abestien doinua bezala, airean geldituko da Mikelen gogoa.
Hegoak ebaki banizkion... eta nik, txoria nuen maite.
Eta oihartzunak erantzungo du, behin eta berriz:
eta nik, txoria nuen maite!

Labels: ,

Tuesday, October 21, 2008

Oteiza jaio zeneko ehun urte

Jorge Oteiza jaio zeneko ehun urte ospatzen dira gaurko egunez. Orion, bere jaioterrian, eta euskadiko zenbait basterretan: besteak beste, zortzigarren lurraldean.
Nafarroan ere, bere etxe-museoa dagoen lurraldean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, eta isla izan dute komunikabideetan.
Ikusteko aukera izan dut ere Euskal Telebistan emititutako erreportaia, eta... guztietan argi gelditzen da Jorgek "euskal hiriari" egin dion ekarpena:
  • askatasuna ideiak adierazteko,
  • sormena ideia horiei forma emateko, eta
  • ausardia gauza/forma/espazio ezezagunak saiakera ezberdinekin bilatzeko.
Eskerrik asko Jorge zure balentriagatik!

Labels: , ,